XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(62) (orazioak) odeyetarañoko guziak igarotzen ditu (140)

5.2. Adiera kontuak gerorako utzita, forma aldetik egitura hau antzekoetatik berezten duena hauxe besterik ez da: sintagma nagusiari dagokion izenaren gunea guzi hitzak betetzen duela, alegia, eta ez beste edozein izen edo izenordainek.

Horrexek ematen dio itxura berezia sintagmari.

Zer da, ordea, guzi hori: isilpean utzitako izen bati laguntzen dion zenbatzailea ala izenaren lekua hartzen duen izenordaina?

Zenbaitetan bata dirudi eta beste zenbaitetan, berriz, bestea: (57) perpausean, esate baterako, aurreraxeago aipaturiko serbitzari izan daiteke isilpean utzitako izena: langileetarainoko (zerbitzari) guziak; (58) perpausean, aldiz, ez da ikusten isilpeko izenik asmatzen ibiltzeko beharrik.

Gauzak gehiegi behartzea litzateke, beti elipsiak aurkitu nahian saiatzea.

Guzi zenbatzaile orokorra, izan ere, bai izenaren determinatzaile bai izenordain izan daiteke, hau da, bai izenaren ondoan bai haren lekuan joan daiteke (ikus EGLU: I, 237).

Azken kasuan guzi bera gertatzen da sintagmaren muina, formalki bederen (dena-ren pare, horretan).

5.3. Zein da, ordea, horrelako egituraren erdigunea?

Zein da, horrela esan badaiteke, sintagma horien muin semantikoa?

Batzutan bederen, (58)an esate baterako, izenlaguna da sintagmaren ardatz nagusia: eguzkirainoko guzia sintagman eguzki da sintagmaren ardatz nagusia, esanahiaren aldetik: baita eguzkia bera ere, eguzkia eta guzti edo horren antzeko zerbait adierazi nahi du.

Egitura enfatikoa da, nolabait esan.

Hau da, baita X ere modu hanpatuago batez esateko balio duen egitura:

baita langileei (berei) ere

baita eguzkia (bera) ere

baita haurrak (berak) ere

baita zuhaitzetan (beretan) ere

baita abereek (berek) ere

baita odeiak (berak) ere

Beti zehatz eta berariaz adierazten ez bada ere, zenbait elementuz osaturiko multzoa hartzen da gogoan horrelako egiturarekin.

Eta multzo horren azken elementuraino iritsi dela esaten da.

Horretan, ordea, bi azpisail berez daitezke: a) Batzutan multzo osoari ematen zaio garrantzia eta multzoa osatzen duten elementu guztiak hartzen dira kontutan, Lardizabalen testu honetan bezala: (63) burutik oñetarañoko guzia zauri bat egiña (139)

Hor gorputzaren osotasunari ematen zaio garrantzia.

Gauza bera gertatzen da denborari dagozkionetan ere, Lardizabalaren beste testu honetan ikus daitekeenez: (64) arterañoko bere bizitza-guzia esan zien (212)

Arrueren beste hau ere ildo beretik doa:

(65) oraindañoko guzian begirik itxi ez det (56)